Visualizzazione post con etichetta umeak. Mostra tutti i post
Visualizzazione post con etichetta umeak. Mostra tutti i post

mercoledì, dicembre 20, 2006

Goazen PINera!

Gabonak hurbiltzen ari dira. Argi ikusi daiteke kalera irtenda ikusten diren koloretako argiengatik, telebista piztean agertzen diren milioika kolonia eta perfumeen iragarkiengatik eta erosketak egiterakoan prezioek izan duten gorakada nabariagatik. Umeen gabonetako parkeak ere gabonak heldu direla esaten digu. Txikitan urtero ez bazen ere ia urtero joaten nintzen guraso eta lagunekin barraketan muntatzen, eskulanak egiten, ikastetxe bakoitzak egindako Olentzeroa ikusten... (Badirudi azken aldi honetan txikitako gauzak kontatzeari ekin diodala...)


Igandean, aspaldiko partez, PINera joan nintzen. Hori bai, begirale bezala, Bermeoko ludotekan egiten ari naizen praktiken barruan. Gustura egiten ditudan praktikak, bide batez aipatzeko. Oso ondo pasatu genuen eguna, bueno, umeek begiraleek baino askoz hobeto seguru. Izan ere, ez da bat ere erraza 50 umerekin horrelako toki batera joatea... Batek toki batera joan nahi duela, besteak bestera, hark jo egin duela, arraina nahi duela... Eromena.


Dena dela eta, BECean egun egiten den PINa eta lehen Bilboko erakustazokan egiten zenaren artean hainbat ezberdintasun sumatu ditut, eta txikitan konturatzen ez nintzen beste batzuetaz ere jabetu naiz.


1.- Txikiagoa da. Tira, beharbada ni handitu naizelako iruditzen zait horrela baina...ez, lehengoan gauza askoz gehiago zeudela gogoratzen naiz eta leku gehiago okupatzen zuen.
2.- Umeen motxilak eta txamarrak konsignan uzteko sastar poltsa bat ematen dizute, bueno eman, 6 euro ordaindu behar dira poltsa bakoitzeko, 6 euro!!!
3.- Uste dut nire bizitzan lehengo aldiz izan nituen arrainak PINekoak zirela. Baina arratsaldean ume talde batekin arrainak harrapatzera joan ginenean Osakidetzaren stand-era, ez zuten jadanik arrain gehiago ematen. Umeen desilusioa. Hala ere, etxera arrainekin bueltatu ziren, ordainduta, noski.
4.- ...

lunedì, novembre 13, 2006

Udalekuak (betiko izango balira)

Txikitan, ume gehienak bezala, udalekuetara joandako umea nauzue. Lagun berriak egindakoa, ezkutuan nesken logelara joandakoa, piztinan hondokarriak egin dituena eta baita jaso dituena, gauerdian monitoreak altza arazi zuten horietariko bat ere, “diskotekan” taldeko neskaren batekin lentoak dantzatutakoa ere...guztiak bezala. Eta hor egoten ziren, gu zaintzen, entretenitzen, irakasten...monitoreak, ze ondo pasatzen genuen beraiekin, eta beraiek gurekin, nolako buruko-minak ematen genien... A ze nostalgia!
Orain urteak irakurri nuen Uda betiko balitz, Xabier Mendiguren-en liburuaz gogoratu naiz. Mutil batek udalekuetan dituen gora-beherak kontatzen dituen pozez betetako liburua da. Mutilak 12, 14 eta 16 urte dituela udalekuan dituen esperientziak kontatzen ditu, batez ere lagun eta familiari bidaltzen dizkion gutunei esker. 12 urterekin udalekuetara lehen aldiz doan umearen esperientzia kontatzen du, 14 urterekin, udalekuetan maitemintzen eta bihurrikeriak egiten diren etapa eta azkenik, 16 urterekin kontrako papera betetzen duenaren ikuspuntutik, begiralearena hain zuzen ere.
Asteburu honetan, pasa den urtean bezala, aterpetxe batera joan gara monitoritza ikastarotik. Atxondora eta besteetan bezala oso ondo pasatu dut (parte handi batean Ondarruku zan beste taldigatzik ta baitte bi hizlarixekaitzik). Asteburua joan eta gero, ikastaroa amaitzeko bloke bat gutxiago geratzen dela gogora etortzen zait, laster ni izango naizela umeekin (eta beraiek nirekin) ondo pasatuko duen begiralea, eta baita buruko min piloa izango duena.
Eta badakizue zer? Guzti hori, beste aldetik baldin bada ere, berriro bizitzeko irrikaz nago. Behinik behin, aste-bukaera honetan herriko ludotekan praktikakegiten hasiko naiz, ea zer moduz doakidan...

sabato, settembre 16, 2006

Txikitako teoriak

Herrialde ezberdinetan prezio ezberdinak daude, eta ni beti galdetu izan naiz zertan oinarritzen ziren herrialde bateko prezioak altuagoak ala baxuagoak izateko. Hau da, zein arrazoi dago hemen etxe batek 300.000€ kostatzeko eta Kroazian 100.000€? Erantzuna, nola ez; ogia.
Konprobatuta nuen urtean ogiaren prezioa antzinako peseta batzuk igotzen zela, eta horrela egiten zuten gainontzeko gauzen prezioek ere, harrigarria.
Herri ezberdinetan ogia egitearen kostua ezberdina izango zela suposatzen nuen, lehengaiak merkeagoak zirelako. Garia adibidez, Suedian eta, garirik dagoen duda dut eta hementxe bertako prezioak garestiagoak izatearen arrazoia. Eta noski, gainontzeko prezioak ogiarekin zerikusia dutenez, han ere etxeak, autoak eta prakak garestiagoak dira. Ogiaren prezioarekin proportzioan.
Guzti hau, txikitan pentsatzen nuena da, pixka bat hazi eta ekonomia eman baino lehenago hain zuzen ere.
Umeak mundura etortzearen kontuari buruzko beste teoria interesgarri bat nuen, gutxi gora-behera ondo betetzen zena.
Gurasoak ezkondu eta bi urtetara jaiotzen ziren umeak, ala egin nuen nik behintzat. Inguruan ere gutxi gora-behera berdina ikusten nuenez, horrela zela konbentzituta nengoen. Baina zazpi edo zortzi urte nituela... nire lehengusuak, ezkondu gabe ez ezer ume bat izan zuen. Guztiz paranormala niretzako, eta ez orduan ezkondu gabe umeak izateak gizartearentzat suposatzen zutelako, baizik eta ez zirelako bi urte igaro ezkontzatik. Eskema guztiak hautsi zizkidan horrek. Beste fundamentu bako teoria bat... Gerotxoago ikasiko nuen umeak zelan heltzen ziran mundura.