Inoiz ez naiz izan fotogenikoa, beharbada horregatik gustatzen zait hainbeste argazkietan ateratzea, baten baten ondo agertuko naizen esperantzaz edo.
Ateratzen diguten lehenengo argazkia, “lehen munduan” behintzat, ekografia izaten da. Egia esan jendeak burua, hankak eta umearen hainbat zati ikusten dituen tokian nik mantxa soil bat baino ez dut ikusten. Izugarriak dira horri baten islatutako marrazki batek nolako sentimenduak loratu ditzaken giza bizitzan.
Gure bizitzako, historiako mikrosegundo bat islatzen dute. Poztasuna, seriotasuna, maitasuna, zuhurtasuna... sentimendu oro kaptatzen dute irudiok. Eta beste hainbat sentimendu eta sentsazio somatzen ditugu irudiak berriro ikustean, bizitakoa, sentitutakoa, ikusitakoa eta baita imajinatutakoa begien aurrean berriz ikustean.
Argazkiak.Esperimentu bat: Atera kaxa baten edo album zahar baten gordeta dituzun argazkia multzoa eta begirada bat eman iezaiozu, ziur naiz momentu oro berriz biziko dituzula, irribarrea zure aurpegian marraztuko dela eta hainbat urtez argazkiak ateratzen jarraituko duzula etorkizunean ere orainaldiko momentuak gogoratzen jarraitzeko.